
Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren harpidetza denboraldia bikaintasun artistikoaren bilaketagatik nabarmentzen da, nazio eta nazioartean aintzatetsitako musikari eta zuzendariekin lankidetzan.
Errepertorioaren aniztasuna eta kalitatea etengabea da denboraldi guztietan, Orkestrak egitarau zabala eskaintzen baitu, obra klasikoetatik hasi eta konposizio garaikideetaraino.
Musikak pertsonen, lurraldeen eta kulturen arteko lokarriak sortu eta indartzeko duen ahalmena nabarmentzen du Loturak edizio honetako izenburuak. Gure hamabi zikloetan zehar, gure lurraldeko musika-bizitzan sakonduko dugu, besteak beste, Blas de Laserna, José Castel, Jesús García Leoz eta Teresa Catalán egileen lanekin. Nafarroarekin dugun konpromisoaren zati moduan, kontzertuetako hirutako protagonistak bertako talentuak izango dira: haietako batean, agertokia partekatuko dugu Maite Beaumont iruindar mezzosopranoarekin, eta beste bietan, Iruñeko Orfeoiarekin.
Era berean, elkarrizketan jardungo dugu itxura batean urrunak diren musika-tradizioekin, hala nola Europako ekialdekoarekin (Prokofiev, Txaikovski, Stravinski…), Alemaniakoarekin (Mendelssohn, Brahms, Mozart, Beethoven, Wagner…) eta Europako iparraldekoarekin (Sibelius, Grieg). Mugak Ameriketako Estatu Batuetako musika garaikiderantz hedatzeko aukera ere egongo da (Shaw, Dessner).
Ikasturte honetan, mundu osoan publikoak eta kritikariek txalotutako bakarlari handiak gure artean ariko dira: Nicolas Altstaedt (biolontxeloa), Katia eta Marielle Labéque ahizpak (pianoak), Martin Fröst (klarinetea), Bomsori Kim (biolina), Javier Perianes (pianoa) eta Xavier de Maistre (harpa). Gainera, hitzorduetako bik bakarlari-zuzendaria izango dute: Vineta Sareika (biolina) eta Lucas Macías (oboea). Erika Baikoff, Werner Güra, Raquel Lojendio eta Birger Radde abeslariek interpretatzaileen zerrenda osatuko dute.
Ilusio handiarekin egongo gara Juanjo Mena maisua gure agertokira itzultzeko zain, eta bai Nuno Coelho eta Delyana Lazarova itzultzeko zain ere, aurreko denboraldietan haiekin elkarlanean aritzeko plazera izan baitugu. Gure orkestrarekin debuta egingo dute Marzena Diakunek eta Aarón Zapicok.