Euskal Herria airetik zeharkatuko duen "Euskal Herria Hegan" saioak aldibereko estreinaldia izango du Euskal Telebistaren kanal guztietan, igande honetan. Gure lurraren esentzia inoiz ez bezala erakutsiko digun bederatzi ataleko dokumental sailaren lehen atala, Gipuzkoa: Zeruaren eta itsasoaren artean,euskaraz eskainiko da azaroaren 23an, 22:15ean, ETB1, ETB2, ETB3, ETB4, ETBBasque eta eitb.eus-en.
Denboraldi honetako ETBren apustua da "Euskal Herria Hegan": mimo eta ilusio handiz prestaturiko proiektua, eta zentzumenentzako bidaia ikusgarria eskainiko diguna. Edertasun handiko natur gune eta eraikin ikusgarrietara egingo dituzten bisitetan, lekuan lekuko tradizio, mito eta kondairetan murgilduko dira. Hori guztia, funtsezko elementu izango diren musikaz eta narrazioaz lagunduta.
Miren Gaztañaga aktoreak jarri dio ahotsa kontakizunari eta Fernando Velázquezek sorturiko soinu-banda du bidelagun, Nafarroako Orkestra Sinfonikoak interpretatuta. Atal bakoitzean, gainera, euskal kantari ospetsuen emanaldiak izango ditu ikusgai. Parte hartzaileen artean daude, besteak beste, Olatz Salvador, Tom Lizarazu, Huntza, Izaro, Janus Lester, Mikel Urdangarin, Alex Sardui, Maren, Xabi Solano, Amak, Neomak, Kalakan, Anne Etchegoyen, Urtz, Sorotan Bele eta Celtas Cortos.
Bestalde, programaren lantaldeak esparru ezberdinetako kolaboratzaileak izan ditu: hala nola Toti Martinez de Lezea idazlea, Juanma Gonzalez Cembellin historialaria eta Santi Yaniz argazkilaria.
Igande honetan ikusgai izango dugun lehen atalean Gipuzkoako kostaldearen paisaia ikusgarrienak zeharkatuko dituzte; isilpean gordetako historiak ezagutarazteaz gain, geologiaren altxorrak bistaratuko dituzte eta ahaztutako kondairak berreskuratu.
Aldibereko estreinaldiaren ostean, "Euskal Herria Hegan" igandero izango da ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en.